Euskadi Ta Askatasunaren agiria

      Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez Euskal Herriak bizi duen egoerari buruz egiten duen hausnarketaren berri eman nahi dio euskal gizarteari.

      Laster beteko da urtea Euskadi Ta Askatasunak ekintza armatuen etenaldi orokor eta mugagabearen bidez bideratutako ekimena abiatu zuenetik. Ekimen horri emateko garai hartan bizi zen egoeran azpimarratzen genituen faktoreen artean garrantzitsuena Ezker Abertzaleak erakutsitako kemena zen: urtetako borrokari esker, herria eraikitzen eta defendatzen jakin izan baitu, egoerarik zailenetan ere.

      Erresistentzia lan horri esker beraz, Euskal Herriaren etorkizuna behin betirako lurperatu nahi zuen marko juridiko-politikoa agortarazi dugu. Oraindik indarrean dirauen marko juridiko-politikoek (Frantzia eta Espainako Konstituzioak eta Moncloako Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak osatzen dutenak) Euskal Herria ito egiten dute, Euskal Herrian dauden indar ekonomiko, sozial eta kulturalak ito egiten dituzte.

      Azken hogei urteotan Moncloako Estatutuak abertzale epel batzuen nahia asetzeko edota txarra eta okerragoaren arteko ezinbesteko hautaketa bezala, edota are zinezko abertzale askoren engainurako tresna gisa ere balio izan dute. Baina garai horiek gaindituak dira. Eragile politiko eta sozial desberdinek onartzen dute hori. Beste zerbait behar du Euskal Herriak. Izan ere, behar aspaldian behar zuen; baina itxuraz, iazko udara inguruan ordura arte "status quo" franko-espainarrean euskal herritarrak eroso bizitzera eraman nahi zituztenak berak ere ohartu bide ziren bide horretatik Euskal Herriaren galbidea zetorrela. Eta, horra berrikuntza, bazegoela aukerarik, hogei urteren buruan Euskal Herri bertako indarrak bilduz beste marko juridiko-politiko batetara igarotzeko.

      Esperantza, ilusio eta azterketa politiko horri eutsiz ekin zion ETAk bere bideari. Euskal Herriko beste eragile politiko eta sozialen uzkurkeria astindu asmoz. Egoera politiko berri batetarako baldintzak gauzatzen ari zirelakoan. Gizartean, oro har, abertzaletasunetik landa, konponbide politiko orokor eta behin betikorako baten aldeko gogoa eta jarrera ere nagusi zirelako, bulego politikoetan (UCD, PSOE, EE, PNVren garaietan) diseinatu eta komunikabide masiboen bidez txertatutako mamigabeko bake-nahi mediatikoa gaindituz. Horren adierazgarri nagusia Lizarran lehenik eta Garazin gero sinatutako Hitzarmen garrantzitsua, Ajuria Eneko Ardanzaren garai ilunak gaindituz.

      Zertan joan den urtea

      Iaz abiatu prozesuaren lehenengo ezaugarria sortutako ilusio eta esperantza da. Euskal Herrian (ber)piztu ilusioak baieztatu zuen ekimenaren aurretik eginiko irakurketa politikoa eta euskal gizarteak bere baitan duen indarra. Indar hori azaleratu egin da eta oso aspaldian ez bezala euskal gizartean askatasuna lor daitekeenaren ustea hedatu eta nagusitu da.

      Eta ilusioarekin batera, lehenengo hilabetetan, euskal herritar eta gizarte talde anitzen kezka nagusia, abian zegoen prozesuan parte-hartzea izan da, prozesua bultzatu nahia. Euskal Herria ez zegoen jada Madril edo Pariseko Gorteetako jauntxoen gogo-aldaketaren beha, baizik eta bere baitako indarrak neurtzen, bere baitako aniztasuna ikusten, azter- tzen, onartzen eta aniztasun horretatik abiatuz Euskal Herria eraikitzeko urratsak nondik norakoak izan behar ote zuten... zai.

      Hain zuzen ere, edo hain oker esan beharko genuke, abiatutako prozesua indefinizio batean murgildu da, ETAk ekimenaren arrazoiak eta norabidea argiro planteatu arren. Prozesu politikoa desitxuratzeko eta mantsotzeko egin diren saioak eta mahai gainean jarritako aitzakiak ugariak izan dira. Gizartean piztutako pozari, bizi pozari ur izoztua bota diote behin eta berriro, beren zalantza, motelkeria eta prozesua gidatzeko ezjakintasuna (edo gogo eza esan beharko genuke?) erakutsi duten politikari profesionalek.

      Irailaren 18az aurretiko egoerara itzultzeko saio ugari egin da, herri eraikuntza, Euskal Herriaren eraikuntza, Euskal Herriaren eraikuntza alde batera utzi eta mamirik gabeko bake prozesu ustela bideratu nahi izan dute, nortzuk eta ustez prozesu horretan burubelarri eta gidari ibili beharko zuketen PNVko batzuk. Eta horretarako ustezko abertzale horiek Espainia eta Frantziaren "inmobilismoan" eta euskal herritar askoren ezinegonaren adierazle diren ekintzetan babestu dute lotsagarriki beren epelkeria eta txepelkeria. Galdera ez baitzen PPk eta PSOEk zer eginen zuten. Irailaren 18an abiarazitako prozesuaren gakoa ez zen gure betiko etsaiek zer egingo ote zuten . Hori jakina zen hasieratik (ustegabekoak ongi etorriak izanen baziren ere!). Gakoa, ordurarte zegoen Euskal Herriaren aurkako marko juridiko-politiko horren alde aritu izan direnen jarrera aldaketa zenbaterainokoa izanen zen ikustea baitzen.

      Estatu espainiar eta frantsesak bake-borondaterik ez duenak egin dezakeen gauza bakarra egin baitute: bere horretan jarraitu, mugitu gabe, alde batera ala bestera emaniko ezein urratsek mendetan Euskal Herriaren inguruan ehundu duten kartzelaren ormak bertan behera jar zitzakeelakoan. Beraz, atxiloketak, orain arteko errepresioa berdin mantendu eta nahasmena eragin izan da beste urtebetez eskaini diguten elikagai aldagabe, sekularra.

      Hala ere iragan urte honetan bi aldi desberdin antzematen dira: Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarraren sorrera artekoa lehena, non hastapeneko ilusio eta pozak gidaturik euskal gizartearen gehiengo zabalak gatazka gainditzeko oinarri politikoak eta metodologia adosteaz gain, eraikuntza nazionalaren bideari ekin zitzaion. Gizartean sortutako espektatibei erantzun eta norabidea argitzean zetzan hilabete horietako erronka. Abertzale orok horixe eskatzen baitzuten, Euskal Herriaren aldeko apustu politiko argia egitea. EHUOB-ren sorrerak aldaketa kualitatiboa erakarri zuen: Historia hurbilean lehenengo aldiz nazio mailako instituzio bat sortu baitzen. Alta, abiapuntu besterik ez zena Otsailaren 7rako izozturik zegoen.

      Ondoren, Estatu espainiar eta frantsesen eraso batzuei erantzun zabala eman arren, hauteskunde-lehiaren menpe geratu da prozesu politikoa. Eta Ekainaren 13ko hauteskundeen ondoren okerrago, prozesua indar berriz abiarazi beharrean, jarrera kezkagarriak oso agertu dira, atzera egiteko keinu nabarmenak, alegia. Oraingoan Ezker abertzaleak erakutsitako babes zabalak izua eragin die Estatuburuei eta beren itsumutilei.

      Aipatu dugu egungo marko juridiko-politikoaren agorpena, Euskal Herriaren askatasun bidean oztopo gisa asmatutako egitura administratibo zatikatzaileen higatzea. Agortua bai, baina indarrean dago euskal herritarren nahi eta beharrei muzin egin eta gatazka luzatzeko tresna gisa. Eta Estatu espainiarraren erasoen beldur edota interes pertsonal-partidistei lehentasuna emateagatik, hogei urtez Euskal Herriaren eraikuntza oztopatu duen marko hori egokitu eta berritu nahiko lukete batzuk: Espainian eta Frantzian eroso bizi direnek eta Euskal Herria askatzea "ameskeriatzat" duten ustezko abertzale "nostalgikoak" ororen buru.

      Ezker abertzaleak bereak eta bost gehiago jarri ditu prozesu honetan. Umiltasun osoz gainera, gustuz, jarri dituela esan behar. Sufrimendua gainetik kendu ez eta hala ere kontsentsuzko jarrerak bihotz-zabal bilatu ditu. Horren ordaina ustelduta dagoen marko juridiko hori indartzen saiatzea izan da batzuen aldetik.

      Euskal Herriaren aldeko gudarien aurka aritzea erraza zaie oraindik ere. Zein erraza den euskal presoak beren borreroen eskuetara bidaltzea, senideak sakabanaketa eta urruntzearen gurpilak ekan ditzakeen "istripuen" mesedetan uztea eta PPko Gobernuak deus egin nahi ez duelako aitzakiatan posizio politiko "zentrala" bereganatu nahi izatea!

      Herri borrokaren espresio batzuk Ezker abertzaleari presio egiteko erabiltzea iraingarri eta lotsagarria da. Estatu frantziar eta espainiarren biolentziarako tresnak bere horretan zutik dirautenean, aktibo dirautenean, aktibo dirautenean, inork gutxik ­ezker abertzaletik kanpo ulertu behar da, noski­ erran du deus hamarkada eta are mendetako biolentzia horri buruz. Aski da aitzakiak erabiltzeaz, euskal herritar asko eta askoren ezinegonaren adierazle diren ekintzen aurrean mikrofonoarekin beren burua eta barrenak lasaitzen dituzten politikarien jokabide zekenaren ondorio ere bazen eta Irailaren 18ra arte bizi izan genuen egoera. Horrexetan ari dira gaur egun batzuk, itzali gabeko sutara olio beroa jaurtikiz.

      Non gauden eta nora goazen

      Edozein borroketan bezala, ez da dena zuri eta ez da dena beltz. Euskal Herriak urte honen buruan aurreratu duena asko da, egoera politikoa astindu eta gatazka gainditzeko norabidean kokatu izana ez da gutxi, nahiz eta gehiago aurrera zitekeen, bide horretan kide izan ditugun batzuk arrakasta eta gogo txarrez abiatu ez balira.

      Orain une kritiko batetan gaude: aurrera egin eta prozesua bururaino eraman ala egoera nola usteltzen den ikusi ezer egin gabe, egindako bidea erabat zapuztuz.

      Euskal gizartean badago aski indar abiatutako prozesuan aurrera egiteko, proiektu politikoa argitu eta bideratzen joateko. Gogo eta grina edukitzeaz gain zinezko aukera dago hainbeste desio ditugun helburuak lortzeko. Horretarako urte honetan zehar kaltegarri izan den indefinizioa alde batera utzi eta indar berriz ekin behar zaio prozesuari, gizartea jakinaren gainean jarriz nondik nora joanen diren hurrengo urratsak.

      Baina Euskal Herri ezin da eraiki gaur egungo baldintzetan, oztopoak handiegiak dira. Beste baldintza batzutan, baldintza demokratiko batzutan, zalantzarik ez da egin behar aski indar eta jakinduria politiko egonen dela Euskal Herria eraikitzeko. Baldintza demokratiko horiek lortzeko urrats eraginkorrak egin behar dira ahalik eta lasterren.

      Beraz, egoeraren larritasunez jabetu behar gara guztiok eta ondorioz egoera honek eskatzen duen koherentzia guziaz aritu. Dagoeneko somatzen den "impasse" egoera hori ezin da luzatu, eta denbora galdu gabe gaur egungo egoera juridiko-politikoa gaindituko duen proposamena egin eta martxan jarri behar da. Arduragabekeria galanta litzateke euskal gizartean sortu den ilusio guztia zakarrontzira botatzea norberak bere interesak aurrean jartzen dituelako.

      Berriz, gogoak eta aukerak ez dira aski. Proiektu zehatzak behar dira ere. Ezker Abertzaleak aspaldidanik agertu du bere proposamen politikoa, Euskal Herriaren hitza adierazteko aukera eman eta errespetatua izan dadin baliabideak jartzea hain zuzen ere. Halere proposamen hori ez da Ezker Abertzalearen patrimonioa, euskal gizarteari eskaini eta honek berea egin duena baizik. Gaur egun, Espainia eta Frantziaren errealitate zanpatzailea inposatu nahi dituztenez gain inork gutxik ukatu dezakeen kontzeptua baita.

      Euskal demokraziaz ari gara, eta demokrazia guztietan bezala Euskal Herriak bere konstituzio propioa beharko du. Egoera demokratiko hori arautuko duena alegia. Baina konstituzio bat ez da bakarrik dokumentu batean biltzen den arautegi bat, praktikan eraiki eta aritzen den egitura instituzional eta politikoa baizik.

      Prozesu hori aurrera eramateko, euskal demokrazia eraikitzeko Euskal Herriak bere ordezkaritza instituzionala behar du. Nazional eta subiranoa izanen den gune eta ordezkaritza instituzionala. Euskal Herriak bere parlamentu nazionala behar du. Eta horretarako ezinbesteko baliabideak eta prozedura demokratikoak martxan jarri beharko dira berandu baino lehen. Urrats garrantzitsua eta eraginkorra litzateke, gatazka gainditze bidean jarri eta gizarte osoaren parte hartzearekin prozesu kostituientea abiaraziko lukeena.

      Dei egiten diegu beraz euskal herritarroi aurrean dugun erronkari gogoz heldu eta indar berriz Euskal Herria askatzeko borrokan aritu daitezen. Etorkizuna Euskal Herriarena da.

      EUSKAL HERRIAN, 1999KO ABUZTUAN

      Aurkibidea home